Fitur azokatik hasi eta 21 hitzordu ditu 2007an goiturrek
Komunikabideetan etengabe agertzeko eta leku berrietara iristeko ahalegina egingo dute
Goiturrek, Goierriko turismoaren garapenerako agentziak, 156.000 euro inbertituko ditu 2007ko egitasmoan. Kalitatean eta dinamizazioan oinarrituta, atzo aurkeztu zituzten Goiekiko lehendakari Félix Urkolak eta Goiturreko arduradun den Niko Osinaldek aurtengo berriak, helburuak eta ekintzak.
Goierriko antolakuntza eta dinamizazioaren arloan eta promozioa eta komertzializazioan zehaztuko dituzte helburuak. Horrela, interpretazio zentroak koordinatzen jarraituko dute, produktu turistikoak landuko dituzte, lehiakortasun egitasmoa egingo dute eta komunikabideekin etengabeko harremana izango dute.
Goierriko gida eta mapa turistikoak argitaratuko dituzte. Duela bi urte berritu zuten mapa berritu egingo dute. "Leku gehiagotara iritsiko garenez, esaterako gasolindegietara, aurten 40.000 mapa egingo ditugu", esan zuen Osinaldek. Web orria ere berria izango da. Kasu honetan, Urkolaren arabera, edukiak aldatu eta orria aurkitzea errazagoa izan dadin, domeinu berriak erosiko dituzte.
Turismo azoketan, gune komer-tzialetan eta komunikabideetan izango da Goierriko turismoa urte osoan zehar. Azoken ibilbidea Fitur-ekin hasiko da. Guztira 21 hi-tzordu izango dira, iaz baino hiru gehiago.
Gertuko bisitariak erakartzeko, Gasteiz, Donostia, Bilbo eta Iruñeako merkataritza guneetan informazioa eskaintzeko standa jarriko du hainbat asteetan Goiturrek.
Era berean, eskualdeko publizitatea sendotzeko asmoz, irrati, egunkari, aldizkari eta telebistetan iragarkiak jarriko dituzte. Otsailean ETBk turismo eta dekorazioaren inguruko programa berria hasiko du eta presentzia azpimarragarria izango du saio horretan Goierrik.