Goierrirako turismoa EAEn ugaltzea izango da Goiturren erronka

Diario Vasco

07/01/27

Atzo aurkeztu zituen Goiturrek 2007rako helburuak eta ekintzak; aurten 156.000 euroko aurrekontua izango du

estitxu imaz

Goierriren turismo eskaintzaren promozioa eta komertzializazioa lantzeko Goitur agentziak 2007rako markatu dituen helburuen artean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eskualdearen presentzia ugaltzea izango da. Alojamenduak sortzen diren komertzializaziorako sare desberdinetan sartzen ahalegintzea ere bada lehentasuna.

Goierriko antolakuntzan eta dinamizazioan, berriz, eskualdeko interpretazio zentro proiektu desberdinak koordinatzen jarraitzeaz gainera, 2007-2010 Goierriko Lehiakortasun Turistikorako Egitasmoa ere egingo du Goiturrek, besteak beste.

Helburuen eta ekintzen berri emateko agerraldia egin zuten, atzo, Goiturren zuzendari Niko Osinaldek eta Goiekiko lehendakari Felix Urkolak Ordizian. Turismoan eragiteko kalitatea eta berrikuntza «funtsezkoak» direla esan zuen Osinaldek.

Goiturrek 156.000 euroko aurrekontua izango du, iazko ekinaldikoaren antzekoa, eta maila handi batean diru laguntzen bidez finantzatuko dute. Helburuez gain aurten egingo dituzten ekintzak ere aipatu zituzten atzoko aurkezpenean:

Promozioa eta komertzializazioa.

> Argitalpenei dagokienez, urtero bezala gida argitaratu dute. Mapa duela bi urte egin zuten lehen aldiz. Aurten berrikuntzak daudenez sortutako museoak mapa berrituan sartu dituzte. 40.000 ale atera dituzte, iaz 25.000 inprimatu zituzten bitartean. Leku desberdin gehiagotan egoteaz gain bertako zenbait tokitan ere Goierriko informazioa zabalduko da. Bost hizkuntzatan dago idatzia: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, katalanez eta ingelesez.

>Publizitatearen alorrean «komunikabide guztietan» landuko dutela aurreratu dute, eta kazetariekin ere harremanetan izango dira. «Zaila da Donostia aldeko jendea barru aldera erakartzea. Kostaldera eta Kantabriara joateko joera dute», gaineratu zuen Niko Osinaldek. Aurten Donostialdea lantzeko ahalegin berezia egin nahi dute. Hango «ia hedabide guztietan» jarriko dute publizitatea.

Publizitatea egiteko modua ere «zaindu» egingo dute: merkatu bakoitzari zuzendutako publizitatea egiteari ekingo diote, toki denetan berdina izango ez dena.

> Gipuzkoa en verde markaren barruan 21 azokatan egongo da Goitur. Osinaldek adierazi zuenez Portugaldik eta Galiziatik etorritako turista kopurua hazi egin da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hori dela eta Galiziako bi azokatan izango da.

>Betiko ekintzekin jarraitzeaz gain aurten promoziorako egitasmo estrategikoa garatuko dute. Horrekin batera Euskal Herriko bost gune komertzialetan promozio-karpak jarriko dituzte: Artea (Bizkaia), Boulevard (Araba), Garbera eta Urbil (Gipuzkoa) eta Morean (Nafarroa).

Bestalde, martxoan ETBn hasiko den turismoari eta dekorazioari buruzko programa berrian, Euskal Autonomi Erkidego barrualdeko turismoa landuko duena, programa hasierak Goierriko museotan grabatuko dituzte.

> Komertzializazioari dagokionez, tour-operatzaile desberdinekin sinatutako akordioen ildotik hitzarmen gehiago lortzea da helburuetako bat. Programa europar desberdinetan sartuta daudenez sare horietaz baliatuko da agentzia Goierri eskualdea atzerrian komertzializatzeko. Bestalde Donostiako erakunde turistiko berriaren bazkide bezala fam-trip-ak antolatu eta bi destinoen arteko erlazioak sendotuko dituzte.

Aholkularitza. Goiturren barnean dauden bazkideei eta udalerriei aholkularitza eskainiko zaie, «beharra duten ataletan».

Informazioa.

> Kanpotik iristen diren kontsultei erantzuna ematea eta erkidegoko turismo bulego guztietara hiru alditan Goierriko informazioa bidaltzea, Aste Santua baino lehen, uda aurretik eta ondoren.

>Webgune berria izango du aurten Goiturrek: www.goierriturismo.com. Bost hizkuntzatan erabili ahal izango da. «Edukiaren aldetik lehenagokoa ardatz hartuta, behar diren aldaketak egingo dira orrialde azkarra, osatua, erraza eta adierazgarria izan dadin». Erabiltzaileei posta elektronikoz bidaliko zaizkie sortzen diren albisteak.

Dinamizazioa eta antolakuntza. Osinalderen hitzetan kostu aldetik «txikia» da arlo hori, «baina etekinik gehienetakoa ematen duena».

> Dinamizazioari dagokion atalean abian dauden proiektu turistiko desberdinak edukiko dituzte kontuan, amaitu arte. Era berean ireki berri direnen jarraipena egingo dute.

>Antolakuntza eta 2007-2010 Goierriko Lehiakortasun Turistikorako Egitasmoari dagokionez eskualdeko zerbitzu turistikorako entrepresa guztiekin ibilbide eta produktu turistiko berriak eta bateratuak antolatuko dituzte. Horrekin batera 2007-2010 Goierriko Lehiakortasun Turistikorako Egitasmoa zehaztu eta ekintza planak diseinatuko dituzte.

>Iaz kalitatearen gaiarekin lanean hasitako taldeari jarraipena egingo zaio. Ziurtagiriak Turismoko Galan banatuko dira otsailaren 21ean. Bigarren taldea badago jada, eta martxoan edo apirilean hasiko da lanean.

>Basquetour eta i-tourgunerekin harremanetan egotea «ezinbestekoa» izango dela eman zuen jakitera Osinaldek. «Basquetour, Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak turismoa aurrera eramateko sortu duen elkarte publikoa da. Bera izango da aurrerantzean promozioa eta antolakuntza turistikoa garatuko duena».

I-tourgune programak, berriz, turismoko ikerketa+garapena+berrikuntza saila ezarriko du. Goiturrek ikerketarako CIC-tourgune kooperatiba zentro berria partaidetza zuzena izango du, bazkide denez. Lan ildo nagusienak hauek izango dira: ikerketa, merkatu berriak bilatzeko ahalegina, produktu turistiko berriak sortzea eta turismoko edozein enpresak teknologia berriak aplikatzea. Ikerketak Donostian eta Goierrin aplikatuko dituzte.



Error: Unable to read footer file.