Biharamuneko dieta

Goierriko Hitza

07/01/07

Gabonen ondorenean komeni da elikadurari arreta berezia jarri eta fruta eta barazki gehiago jatea, Idoia Noain nutrizionistaren arabera

maider del olmo

E gunotan, Gabonetako jatordu oparoetan, asko ezezik gaizki ere jaten da, nutrizioaren ikuspegitik. Baina sabel betekada egin eta noizean behin halako gehiegikeriaren bat egitea ez du gaizki ikusten Idoia Noain nutrizionista lazkaotarrak. Are gehigo, ona dela uste du, bizipoza ematen duelako, eta jatearekin gozatzea ere garrantzitsua delako.

Noainek hitzaldia eskaini zuen duela egun batzuk Ordiziako D´elikatuz zentroan Xabier Martinez sukaldari ordiziarrarekin batera. Bakoitza bere ikuspegitik, nutrizionista elikaduratik eta sukaldaria plateren elaboraziotik, Gabonetako elikaduraz aritu ziren. Sukaldariak menu berezia proposatu zuen, postrean intxaur saltsa eta guzti. Martinezek proposatutakoa menuari ñabardura batzuk atera bazizkion ere aukera ontzat jo zuen Noainek.

Martinezen arabera Gabonak ez dira arraina jateko garairi onena asko garestitzen delako garai honetan, eta haragiaren aldeko apostua egin zuen.

«Proteina gehiegi»

Dietistaren arabera, hala ere, haragia neurriz jan behar da, astean bitan nahikoa da, proteina gehiegi hartzeko joera dugulako. Horregatik dietari barazkiak eta frutak beldurrik gabe gehitzeko gomendioa egin zuen. Are gehiago, orain, Gabonen ondorenean.

Jaki pisutsuak alde batera utzita dieta orekatu eta arinagoaren aldekoa da. Horrek ez du esan nahi, ordea, grasei uko egin behar zaienik, alderantziz, gantzek organismoaren funtzionamenduan zeregin oso garrantzitsua betetzen dutelako. «Zer den ondo jatea? Nahikoa jatea», esan zuen Noainek.