D'elikatuz zentroak hitzaldia emango du gaur 18:30ean, Kultur Etxean
Uzturpe ikastolak antolaturiko Kultur Astearen baitan garrantzi eta jakinmin handiko gaia jorratuko dute gaur, haurren elikadura, hain zuzen ere. Horretarako, Xabi Irastorza, Ordiziako D'elikatuz zentroko kidea izango da 18:30ean Kultur Etxean Zaindu dezagun haurren elikadura! lelopean hitzaldia emateko.
Hitzaldiaren gaia eskolako jangelako elikadura eta honek etxean eduki behar duen jarraikortasuna izango da nagusiki. Bide horretan, jangelak lehen eta orain zein toki duen, menu orekatua nola egin behar den edota elikadura osatua egiteko pausuak zein diren azalduko du Irastorzak. Horretaz gain, ordea, gurasoak asko larritzen dituen gaia landuko du hitzaldian: zer egin jan nahi ez duten haurrekin?
Xabi Irastorzak azaldu duenaren arabera «guraso asko dago kezka honekin eguneroko bizitzan uneoro gertatzen den gauza baita». Irastorzak argi dauka, ordea, «haurrek jan nahi ez badute, ez zaiela behartu behar», izan ere, «otorduak botere harreman bihurtzen dira askotan eta haurrak xantaia egiten» saiatzen direla uste du. Hala ere, «badakit hori lortzea zaila dela gurasoek ardura handia izaten baitute gai honekin eta zaila suertatzen zaie haurrak jan gabe uztea», uste du Irastorzak.
Elikadura aholkularitza
D'elikatuz zentroa duela bi urte sortu zen Ordizian eta harrezkero Alde Zaharrean du bulegoa XVII. mendeko harresiz inguraturiko eraikinean. D'eli-katuz-ek elikadura eta gastronomia lantzen ditu, elikadura atentzioa, nutrizio pautak edota aholkularitza eskaintzen dituelarik. Modu horretan, haurrentzat, kirolarientzat edota beharra duen ororentzat heziketa unitateak sortzen dituzte. Horretaz gain, hitzaldiak, tailerrak edota bideo emanaldiak eskaintzen dituzte.
Gertu-gertukoa
Ibarrako Uzturpe ikastolak, sortu zenetik izan du jangela zerbitzua. Urterik urte, ordea, jangelan geratzen diren haur kopurua igoz joan da.
Une honetan 3 eta 16 urte arteko 60 eta 75 haur inguru izaten da jangelan eguneroko otorduetan, horietatik gehienak, 3 eta 7 urte artekoak direlarik. Jatorriari dagokionez, haurren %80 Ibarrakoa da eta gainerakoak Ibarraldekoak. Haurrez gain, sukaldaria eta lau laguntzaile izaten dira eguneroko lanetan.
Zerbitzuari dagokionez, duela sei urtetik hona, eskolan bertan prestatzen dute janaria herrian erositako produktuekin eta sukaldean bertan prestatuta, «gertuko zerbitzua» eskaintzen dutela, alegia.