«Ondo jaten ikasi egiten da, eta gaizki jaten ere bai»
'D'elikatuz Bizi' kanpainarekin sentsibilizazioa eta dibulgazioa bultzatu nahi dituzte, elikaduraren gaia arlo desberdinetatik eta ekintza publikoekin jorratuz
maider del olmo
Nutrizionista da Xabier Irastorza (Ordizia, 1974) eta D'elikatuz Elikadura eta Gastronomiaren zentroko arduraduna. Jaten dugunak kezkatzen du, eta baita jaki horrek gure eskuetara iritsi arte jarraitu duen bideak ere. Bihar Donostian aurkeztuko duten D'elikatuz Bizi kanpainaren barruan egingo diren ekitaldien helburuak zeintzuk diren azaldu du, elikaduraren gaian erakunde publikoek zeregina badutela azpimarratuz.
Bigarren urtez D'elikatuz Bizi kanpaina antolatu duzue. Zeintzuk izango dira ekimen nagusiak?
Alde batetik, sukaldaritza osasungarriari buruzko ikastaroa emango dugu aurten ere Gipuzkoako bost sukaldaritza eskolatan: Irunen, Donostian bi, Zarautzen eta Ordizian. Hitzaldiak emango ditugu, era berean, Gipuzkoako bederatzi herritan, eta elikaduran aditu den baten irizpideak jarraituz sukaldaritza eskolek prestatutako errezetekin argitalpena kaleratuko dugu. Horrekin batera D'elikatuz Bizi jardunaldiak egingo ditugu Donostian Elikadura Jokaeren Desoreken inguruan, EHUko Psikologia Falkultatearen lankidetzarekin. Jarraipena emango diogu, gainera, 2006an hasitako gipuzkoarren elikadura osasunaren inguruko ikerkuntza lanari.
Zein helburu du kanpainak?
Nagusiki sentsibilizazioa eta dibulgazioa, besteak beste elikadura ohiturak hobetzeko irizpide osasungarriak ematea.
Zein behar ikusten duzue horretarako?
Elikadura ohiturak asko aldatu dira azken hamarkadetan. Orduan, zer den ondo jatea? Denetatik jatea. Elikadura osasungarri batean ez da elikagairik kendu behar, osasun arazo zehatzik ez baduzu behintzat. Gero eta barietate gehiago, orduan eta aberatsagoa izango da dieta; platerean gero eta kolore gehiago, orduan eta aberatsagoa. Dietaren oinarrian zerealek egon behar dute, eta horiekin barazkiek eta frutek, beste jakiak baztertu gabe; elikaduraren piramide famatua.
Orduan ondo jaten ikasi egiten dela diozu. Zure ustez hezkuntza-lan hori zeinek egin behar du?
Ondo jaten ikasi egiten da eta gaizki jaten ere bai. Garrantzitsua da etxean erakustea ondo jaten, baina hori egiteko jakin egin behar duzu. Askotan inertziaz jokatzen dugulako. Eskolak protagonismo handiagoa izan beharko lukeela ere uste dut. Bestalde, dudarik gabe, hedabideek influentzia handia dute, etengabe ari baikara publizitatearen eragina jasotzen.
Publizitatearekin lotuta, azkenaldian modan daude aberastutako elikagaiak. Zein iritzi duzu horien inguruan?
Ez ditugula behar. Elikadura orekatua eramaten badugu soberan daude, eta gure elikadura orekatua ez bada hobeto ez hartzea. Azken batean, partxeak jartzen ibiltzea baino hobea da arazoari bere sustraietatik heltzea. Gainera, jada azterketa batzuk egin dira eta produktu horietako batzuk gure osasunerako kaltegarriak izan daitezkeela ere ondorioztatu dute, ez bakarrik aberastutako jaki horiek, baizik baita, beste batzuen artean, E bitamina duten suplementoak hartzeak ere.
Egia al da ez dagoela denborarik sukaldean aritzeko?
Hori da saldu diguten beste gauza bat. Orduan, horren aurrean, labean berotzeko pizza bat erosten dugu eta esaten digute 15 minutuan prest egongo dela. Bada, denbora horretan, 15 minutuan, entsalada bat presta dezakezu eta arraina labean, esaterako. Horrekin ez dut esan nahi txarra denik noizean behin pizza bat jatea. Nik ere jaten dut.
Eta negu bete-betean papaya bat jatea?
Ez zait egokia iruditzen, jaki horren atzean dagoenari begiratzen baldin bazaio. Ez delako papaya bera bakarrik baizik zein bide egin duen honaino iritsi arte, begiratu beharko litzateke hori landu duen nekazariak zein baldintzatan lan egiten duen; seguruenik esportatzeko jakiak ekoitziko dituelako baina berak ez duelako ahora eramatekorik izango. Nire ustez kontsumitzaile bezala esan egin beharko litzaiguke jaki bakoitzak eraman duen prozesuari buruzko informazioa, eta gero bakoitzak erabaki dezala. Noski, baina hori ez dute egiten atzetik interes ekonomiko handiak daudelako.
Aurten ere errepikatu egingo dituzue, iaz bezala, elikadura jokaeren inguruko jardunaldiak.
Bai. Iazkoa ondo joan zen Psikologia fakultateko ikasleek parte hartu zutelako irakasleekin eta profesionalekin batera. Niri anorexia bezalako gaixotasunen inguruan gehiago ikasteko eta topikoak puskatzeko balio izan zidan, gaixotasun horien atzean dagoena arrazoi psikologikoa izaten delako.
helburuak
«Elikadura ohiturak hobetzeko irizpideak ematea da 'D'elikatuz Bizi' kanpainaren helburuetako bat»
informazioa
«Kontsumitzaile bezala esan egin beharko litzaiguke jaki bakoitzak eraman duen prozesua, gero guk erabakitzeko»
aberastutako jakiak
«Elikadura orekatua eramaten bada soberan daude; partxeak jartzea baino hobea da arazoari sustraietatik heltzea»