Zeru argiaren urdina eta larre zabaletako berdea harrapatu ditu Mikel Arrazolaren kamerak. Objektiboa gerturatuta, baita arrantzalearen azal beltza, eguzkiak eta itsasoak zaildutakoa, eta emakume baserritarraren begirada berdea, larreen intentsitatearen parekoa.
Arrantzaleak eta baserritarrak, eurak dira D'elikatuzen jarri duten erakusketako protagonistak. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak antolatu duen argazki erakusketa ibiltaria da, eta aste honetan Ordizian egin du geldialdia. Euskadi Rural XXI mendean; Ezagutu eta eskertu du izenburua argazki artistikoz osatutako bildumak.
Antolatzaileen arabera lehenengo sektoreak «etorkizun handia» du EAEn. Sektore «aktiboa» dela erantsi dute gainera: «Erakusketaren helburua da gizarteari Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehenengo sektorea ezagutaraztea eta ikustaraztea sektore aktiboa dela».
Ekoizteaz gain, beste hainbat baliabide ematen ditu: lurralde-baliabideak, ingurumen-baliabideak, baliabide sozialak eta kulturalak. Argi dago lehenengo sektorea funtzio askokoa dela, eta ederki islatuta gelditzen da hori aukeratutako irudietan», azaldu dute Mendikoiko arduradunek.
Erakusketaren bitarteaz lehenengo sektoreko protagonistak erakutsi eta haiei balioa eman nahi diete.
Kamararen objektiboak nekazariak erakusten ditu, eguneroko lanean. Makinen laguntzak etxaldeen hobekuntzan izandago eragina ere ikus daiteke. Baita Euskal Herrira etorritako etorkinek sektorearen garapenari egindako ekarpena ere.
Animaliak ere erretratatu ditzute: oiloak, behiak, orkatzak,... Baita eraikinak ere, baserriak eta nekazalturismoak. Erakusketako arduradunen arabera, nekazalturismoek baserrietako arkitektura-ondarearen zaintzan garrantzia handia dute. Turismoaren pisua landa ingurumenera barneratu dutela ere azaldu dute.
2005eko azaroan Eusko Jaurlaritzak eta Mendikoi SA institutuak Euskadi Rural Siglo XXI. Euskadiko baserri eta arrantza kontuak liburua argitaratu zuten, abeltzain eta nekazarien, arrantzaleen, basozainen, enpresa handi eta txikien funtsean, nekazaritzan, abeltzaintzan edo arrantzan lan egiten duten gizon-emakumeen bizitza islatzeko. «Liburuak oso harrera ona izan zuela ikusita, argazki-erakusketa bat aurkeztea pentsatu genuen», azaldu dute.
Erakusketa ibiltaria da eta EAEko hainbat herri bisitatuko ditu hurrengo egunetan, Ordiziatik hurrena.Ordizian erakusketa uztailaren 21era arte egongo da ikusgai. Datorren astean egingo dute aurkezpen ofiziala.
Jaurlaritzak eta Mendikoik lehenengo sektoreaz erakusketa jarri dute