Urola Kostako Hitza 08/03/06
Zarautz »
Elikadura eta osasuna uztartuz, abian jarri duten 'D'elikatuz
Bizi' kanpainan, hainbat ikastaro emango dute «ohitura egokiak irakasteko»
Tripazorriak esnatzeko moduko errezetak egiten irakatsiko
dute, orekatuak eta osasungarriak diren osagaiekin. D'elikatuz Zentroak
Gipuzkoa osoan zehar hainbat ikastaro antolatu du elikadura eta osasuna
uztartuz. Ikastaro horietako bat Zarauzko Aiala Sukaldaritza Eskolan emango
dute.
D'elikatuz Zentroa 2005eko martxoan Ordizian irekitako
Elikadura eta Gastronomia gunea da. Bertako kideen helburua
herritarrengan elikadura eta gastronomiari buruzko interesa piztea da.
Horretarako, gai horiei buruzko ezagutza zabaltzea beharrezkoa dela pentsatzen
dute, eta ikastaroak antolatu dituzte. Bide batez, elikadura osasungarria
sustatzeko jarduerak antolatzen saiatzen dira.
Hilabete honetan DŽelikatuz Bizi izeneko kanpaina berria
jarri dute abian. Kanpaina honen bultzada nagusia Ordiziako Udalaren eta Kutxa
Gizarte Ekintzaren aldetik jaso dute.
Aiala Sukaldaritza Eskolan, martxoa eta ekaina bitartean,
hiru alditan emango dute ikastaro berdina. Lehenbizikoa martxoaren 13tik
apirilaren 9a bitartean, bigarrena apirilaren 24tik maiatzaren 21era, eta
hirugarrena maiatzaren 22tik ekainaren 18ra.
Ikastaroa egiteko baldintza bakarra 18 urte baino gehiago
izatea da. Izena emateko 943 882290 telefonora deitu behar da, eta ondoren bost
euro ordaindu.
Dena den, D'elikatuz Bizi kanpainak, ikastaroez gain,
baditu beste hainbat atal ere. Elikadura osasungarriari buruzko trebakuntza eta
arreta berezitua ere jorratuko dituzte. Batetik, EHUren Donostiako kanpusean,
elikadura jokabideari buruzko zenbait ikastaro emango dituzte ikasle eta
irakasleei zuzenduta. Bestetik, Gipuzkoako ACABEk (Bulimiaren eta Anorexiaren
aurkako Elkartea) aholkularitza eskainiko du, telefono eta mezu elektronikoen
bidez.
Azkenik, Gipuzkoan elikadura eta osasuna uztartuz egindako
ikerketa lanei buruzko azterketa egingo da, eta urte amaieran emaitzak
aurkeztuko dituzte jendaurrean.