Janez ere ikasten da

Goierriko Hitza (Ordizia)

06/05/13

Makrobiotikaren onurez hitz egin dute D'elikatuz zentroan bi adituk, Lourdes Artachok eta Estefani Seidenbergerek.

Kuriositatea izan behar da. Jaki berriak probatu, etiketak begiratu, liburuak irakurri,galdetu... Era horretara ikasi ere asko egiten da. Elikadura hobetzea bakoitzaren esku dago. Eta merezi du», Lourdes Artachoren arabera.

Goierriko Baratza ekimenak antolatuta hitzaldia eskaini zuen herenegun Artachok, Estefani Seidenberger alabarekin batera, D'elikatuz zentroan. Ama-alabek denbora asko daramate makrobiotikan; Europan zehar ibili dira urteetan. Euren bisitak Ordizian herenegun ikusmina piztu zuten.

Makrobiotikak ondo jaten irakasten du, bakoitzaren beharrak kontuan hartuta. Gakoa elikagaien arteko oreka da. Makrobiotika oinarrizko elikagaietatik abiatzen da, zerealen kontsumoan, batez ere. Horiek ematen baitizkiote organismoari behar-beharrezko mantenugaiak.

Ondo elikatzeak merezi du, Artachoren hitzetan, ongizatean eta bizi kalitatean irabazten delako. Baina betiere menpekotasunik gabe. Menpekotasuna gainditzea beharrezkoa dela uste du: «Bakoitzak erabaki behar du zer jan. Ezin gara menpekoak izan».

Jatea plazerra da, eta dastamena gozatu egin behar da; baina beti ez da posible: «Osasunean arazoren bat baldin badugu, nahitaez gure elikaduratik baztertu egin beharko ditugu elikagai batzuk, asko gustatuta ere».

Artachok 16 urte darama sukaldaritza makrobiotikoan. Frantzian egin zituen ikasketak. Handik Italiara joan zen. Han lau urtez ibili zen hitzaldiak eta eskolak ematen. Horretaz gain, jatetxe makrobiotiko bat ere zuzendu du.




Ikastaroa makrobiotikaz

Goierriko Baratza ekimenak hitzaldiez gain sukaldaritza makrobiotikoari buruzko ikastaroa ere antolatu du. Izena emateko epea maiatzaren 12an bukatuko da. Ikastaroa 8 eskolatakoa izango da, horietako bakoitza 4na ordukoa. Larunbatetan izango da, Jakintza ikastolako jantokian. Ikasgaiak alde teorikoa eta praktikoa izango ditu, eta eskola bakoitzaren amaieran bertan prestatutako menua dastatuko dute. Irakaslea Estefanie Seidenberger izango da. Ikastaroaren helburua elikatzeko moduari buruzko oinarriak ezagutuz, bakoitzak bere buruarentzat elikagai zuzen eta beharrezkoak aukeratzeko askatasuna eskuratzea da.

Izena Goierriko Baratza dendan eman daiteke (943 08 74 98).

Elikadura
«Bakoitzaren esku dago elikadura hobetzea, eta merezi du; ongizatearen eta norbanakoaren bizi kalitatearen alde»

Makrobiotika
«Ondo jaten irakasten du makrobiotikak; gakoa jakien arteko orekan eta oinarrizko elikagaietan dago»