Makrobiotikaz jarduerak egingo dituzte

Goierriko Hitza

03/05/06

Goierriko Baratza ekimenak sukaldaritza makrobiotikoari buruzko ikastaroa antolatu du, Estefanie Seidenberger irakaslearekin. Maiatzerako eta ekainerako, bestalde, hainbat jarduera antolatu dituzte Jakintza Ikastolarekin eta D'elikatuz zentroarekin batera. Elikadurari buruzko bi hitzaldi ere egingo dituzte.

Lehenengo saioa datorren astean izango da, maiatzaren 11n. Egun horretan hitzaldia eskainiko dute, Zer da makrobiotika? izenburupean. Ordiziako D'elikatuz zentroan izango da saioa, arratsaldeko 19:00etan hasita.

Jaten ikasteko ikastaroa ere antolatu dute, hilaren 18rako. Javier Arozena izango da hizlaria. Arozenak Zuaitzo enpresa sortu zuen 1981. urtean, tofu eta seitan elikagaietan Espainian aitzindari izan dena.

Hitzaldiez gain sukaldaritza makrobiotikoari buruzko ikastaroa ere antolatu dute. Izena emateko epea maiatzaren 12an bukatuko da. Ikastaroa 8 eskolatakoa izango da, horietako bakoitza 4 orduko iraupenarekin, larunbatetan goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:00etara, Jakintza ikastolako jantokian. Ikasgaiak alde teorikoa eta praktikoa izango ditu, eta eskola bakoitzaren amaieran bertan prestatutako menua dastatuko dute. Irakaslea Estefanie Seidenberger izango da,

Ikastaroaren helburua elikatzeko moduari buruzko oinarriak ezagutuz, bakoitzak bere buruarentzat elikagai zuzen eta beharrezkoak aukeratzeko askatasuna eskuratzea da.

Kurtsoa zortzi irakasgaitan banatuko dute. Izena Goierriko Barantza dendan eman daiteke, edo 943 08 74 98 telefonora deituta. Antolatzaileek jakinarazi dutenez 15 lagunentzat bakarrik dago lekua, eta ikastaro osoaren prezioa 240 eurokoa da.

Maider del Olmo

Goierriko Baratzak elikadurari buruzkoikastaroa eta hitzaldiak antolatu ditu