Produktuek kalitate ziurtagiriak jasotzeko zein ezaugarri bete behar dituzten azaltzen duen erakusketa dago D´elikatuzen. Ziurtagiri horrek esaten duelako, erakusketaren bultzatzaileen ustez, jaki eta edari horiek kalitatezkoak direla. Haien iritziz, «produktu horiek bultzatu behar dira merkatuan, balioetsiak eta estimatuak izan daitezen, bestelako produktuetatik erraz bereizteko». D´elikatuz zentroak antolatu du erakusketa Udalaren, Goimemen eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.
Erakusketan ikusgai dauden produktuak Euskal Autonomia Erkidegoan ekoiztutako dira eta panel erraldoi batzuetan aurki daitezke euren jatorriari eta ezaugarriei buruzko testuak. Produktu batzuk ere badaude erakusgai, eta liburuska bat atera dute era berean D´elikatuz zentroko arduradunek, Goierriko hainbat sukaldariren errezetak bilduz. Goitur-eko bazkideak diren eskualdeko jatetxeek hartu dute parte argitalpenean.
Erakusketan, bestalde, tarte berezia eskaini diete Goierriko produktu gastronomikoei, eta liburuskan ere jaso dituzte hemengo jakiak: Beasaingo Odolkiak, Zaldibiako mondejuak, Beasaingo martintxoak, Segurako tarta eta Goierriko tarta.
Erakusketa hilabete batzuetan egongo da Ordizian eta handik beste herri batzuetara eramango dute. Inaugurazioa herenegun egin zuten D´elikatuzen eta bertan izan ziren eskualdeko hainbat alkate, Goimeneko kideak eta Eusko Jaurlaritza ordezkari bat.
Leire Arandia D´elikatuz zentroko arduradunak goierritar denak gonbidatu zituen erakusketara, kalitate kontzeptuaren garrantzia azpimarratuz. Goimeneko Joxe Manuel Zubizarretak ere jakien kalitateari eman zion garrantzia, baina ahaztu gabe, esan zuenez, marken gainetik betiere produktoreak daudela, alegia, baserritarrak.
Kalitate ziurtagiria duten produktuak ezagutzeko liburuska ere atera dute, eskualdeko sukaldari batzuen errezetekin