Naturala, gertukoa eta beroa, Goierri

Goierriko Hitza

06/06/10

Berdea baino gehiago. Horrela definitu du Goitur turismo agentziak eskualdeko nortasun turistikoa. Logotipo berriarekin aurkeztuko dute Goierriko eskaintza hemendik aurrera: naturan oinarritutakoa, baina ondare kultural, sozial eta gastronomikoekin jantzia.

Irudi berriak eduki hori islatu nahi du. Aizkorriko mendizerraren irudia goialdean, Txindokiren errainua beherago, eta aukera aniztasuna adierazten duten multzo borobildu koloretsuak barrenean.

Julen Agirre Publiadk diseinu enpresako ordezkariak irudia gauzatzeko Goierrik turistei zer eskaintzen dien galdera hartu zuen: «Batetik natura daukagu, ibai, urtegi, mendi, Aizkorri eta Aralar parke naturalekin... Eta bestetik aktibitate kulturala, museoekin eta gastronomiarekin. Bi mendien artean kokatu dugu irakite hori. Gertutasuna, tratua eta harrera ona dira elementu onenak».


Koloreak paper esanguratsua dauka logotipoan: kolore beroak eta gama kromatiko zabala, bailarako aberastasun guztiaren adierazgarri.

Logotipoarekin batera, kanpoko turismoarentzat Goierri, berdea baino gehiago leloa erabiliko du Goiturrek, hizkuntza desberdinetara itzulita; barne turismoa erakartzeko, aldiz, Goierri, bertan duzu amua erabiliko dute, gertutasunaren izenean.

Goiturren zuzendari Niko Osinaldek turismoan osagai gastronomikoei indarra emango zaiela aurreratu zuen. Udazkenean ildo horretatik promozio berezia egingo dute azoketan. Datorren urterako web orri berria egiteko asmoa dagoela ere aipatu zuen.

Aurkezpenean Felix Urkola Goiekiko lehendakariak ekimen publiko eta pribatuaren arteko elkarlana goraipatu zuen. Angel Irastortza diputatuak, bere aldetik, turismo profesionalean «harrobi handia» dagoela aipatu zuen, eta aurrera begira lantzeko bolumen oparoa mugitzen dutela enpresek.

Azkenik, Koro Garmendia sailburuordeak aurtengo lehen lau hilabeteetako turismoaren datu batzuk eman zituen. «Gipuzkoan %8 hazi da bisita kopurua, baina barrualdean %12koa izan da, nahiz eta gaualdien herena soilik eduki». Turistak asebetetzeko kalitatea lehenetsi zuen.

Turismora zuzendutako logotipoa aurkeztu du Goiturrek; parke naturalak, dinamismo kulturala eta gastronomikoa islatzen ditu irudiak