Hogeita zazpi ziurtagiri banatuko ditu enpresa turistikoetan kudeaketarako hobekuntza planak ezartzeko asmoz.
Goierri turistikoki saltzea dute helburu kalitate ziurtagiriek. Q-aren aurreko pausoa da, Goiturretik azaldu dutenez. Goierrik «kalitateko destino turistiko bihurtzeko» helburuarekin, Eusko Jaurlaritzak 27 kalitate ziurtagiri banatuko ditu eskualdean, enpresa turistikoetan beraien kudeaketarako hobekuntza planak ezartzeko. Otsailean Beasaingo Igartzan gala bat egingo dute eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek bertan banatuko dituzte ziurtagiriak.
Goierriko ekimena aitzindaria da EAEn Nikolas Osinalde Goiturreko zuzendariaren arabera, eta Espainiako estatuan gisa horretako oso esperientzia gutxi daudela nabarmedu zuen atzo; pozik agertu da Eusko Jaurlaritzak ekimena abian jartzeko Goierri aukeratu izanagatik.
Banatuko dituzten 27 ziurtagirien artean turismo bulegoak, jatetxeak, aterpetetxeak, nekazalturismoak eta hotelak daude.
Nikolas Osinalderen hitzetan, «garrantzitsuena sektore bakoitzak lan metodologia bat izatea da. Goierri turismorako kalitatezko leku bilakatu nahi dugu, eta ziutagiri horien bitartez Goierrik ere jasoko du ziurtagiria. Hogeita zazpi horien bitartez salduko da Goierri».
Ziurtagirien banaketa otsailean izango da; aurretik enpresa turistiko horiek Kalitaterako Euskal Irakaskundeak bultzatutako (Euskalit) programa baten barruan hainbat urrats eman behar izan dituzte; guztira bost urrats gainditu behar dituzte ziurtagiria jasotzeko: sentsibilizazoa, formazioa, autoebaluaketa, ebaluaziorako bisitak eta auditoritza.
Datorren urtean, 2007an, eskualdeko beste enpresa turistiko batzuei ere zabalduko diete gonbidapena haiek ere ekimenarekin bat egin, programan sartu eta kalitate ziurtagiria eskuratu ahal izan dezaten.
Jarraipena egingo zaie
Jada ziurtagiria badutenei, bestalde, ekimenaren sustatzaileek urtero egun erdiko bisita egingo diete negozio bakoitzean; ikuskapen horretan hobekuntza-plana gauzatzen ari den frogatuko dute. Urte horretako ziurtagiria balioztatuko da. Euskalitek bisitan Q turistikoaren berri emango die. Urtero hobekuntzarako formazioa jaso ahal izango dute.
Osinaldek atzoko agerraldian aurreratu zuenez urtarrilean, 2010. urteari begira, Goierriko Lehiakortasun Turistikorako Egitasmoa jarriko dute martxan. Turismoan helburuak zeintzuk diren argi du Osinaldek: «Kantitateari, turista kopuruari garrantzia ematen diogu, baina baita kalitateari ere, eta hemendik aurrera kalitateari erreparatuko diogu», erantsi zuen.