Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 12 eta 18 urte arteko gazteen %15-30ek dute jateko ohituraren nahasmenduren bat izateko arriskua. Hala nabarmendu zuen, Iñigo Otxoa de Alda EHUko Psikologia Fakultateko irakasle eta Avapsi elkarteko lehendakariak. Psikoterapia Dinamikoko eta Sistemikoko Euskal Erakundea da Avapsi.
Iñigo Otxoa de Aldak D'elikatuz Biziren aurtengo elikadura-osasunari buruzko heziketa kanpainan parte hartu du eta kanpainaren amaiera ekitaldian eman zuen datua, atzo. D'elikatuz Bizi Ordiziako (Gipuzkoa) Elikadura eta Gastronomia Zentroa da.
Aurten, besteak beste, jateko ohituren nahasmenduei buruzko lau ikastaro antolatu ditu, eta 492 lagunek parte hartu dute. Horrez gain, 1.300 lagunek menu pertsonalizatuak eta osasungarriak jaso dituzte.
Atzoko ekitaldian bi lagun omendu zituzten: Luis Irizar sukaldaria eta Pedro Ramos sendagile eta EHUko Farmazia Fakultateko irakaslea.