Gabonetan behar baino gehiago jaten da, eta konturatzerako nahi baino gehiago gizentzen gara
AINARA ARRATIBEL
Ordizia
Gabon gaueko afaria. Mahaia gutiziaz beteta: urdaiazpikoa, patea, kroketak, otarrainxkak, kokotxak, legatza, azpizuna, turroia... Inork ezin dio muzin egin gutizia horiek jateari. Antzeko zerbait gertatzen da Eguberri egunean, Urte Zaharrean, Urte Berri egunean eta Errege egunean. Ondorioak festen ostean sumatzen dira, behar eta nahi baino gizenago gaudela jabetzen garenean. Zer egin halakorik ez gertatzeko? Aproposak al dira Gabonetan egiten ditugun otorduak? Horretaz mintzatu ziren iragan astean Xabier Martinez sukaldaria eta Idoia Noain dietista Ordiziako (Gipuzkoa), D´elikatuz zentroan eman duten hitzaldian. Bien esanetan, «gehiegikeriarik ez egitea da kontua».
Zer da ondo jatea? Horixe da jakin behar duguna Eguberrietako otorduak aproposak diren ala ez argitzeko. Halaxe uste du, behintzat, Noainek. Haren esanetan, denetik eta neurrian jatea da behar bezala elikatzea.
Gabonetako menuak ikertuz gero, konturatuko gara ez dituztela bi baldintza horiek betetzen: «Plateretan apenas agertzen dira barazkiak eta laboreak», dio Noainek. Proteinak eta koipeak dituzten elikagaiak jaten dira, batez ere: «Hain zuzen ere, gorputzak gutxien behar dituena proteinak dira». Hori ez gertatzeko, ahalik eta jaki osasungarrienak prestatu behar dira. Badira, horretarako trikimailu batzuk: gurinaren ordez oliba olioa erabiltzea, bazkarietan haragia eta afarietan arraina jatea...
Kopuru aldetik ere, behar baino gehiago betetzen dugu sabela. Janari mordoa prestatzen da: «Denek oso barneratua dugu Gabonetan lehertu arte jan behar dela. Mahaian ez da ezer geratzen». Horrek konponbide erraza du: «Sobratzen dena izoztea. Ez da beldurrik izan behar mahaian zerbait uzteko».
Egiten diren bazkalondo eta afalondo luzeek ere badute zerikusia horretan : «Orduak ematen ditugu eserita solasean, eta bitartean turroi jan eta jan aritzen gara». Beraz, otorduen osteko hitz aspertuak mahaia garbi dagoela egitea komeni da.
Dena den, Noainen esanetan, hori baino kezkagarriagoa da, oraindik, egun horietan sortzen den gurpil zoroa: «San Tomasetik hasi eta Errege egunera bitarte jan eta edan besterik ez dugu egiten». Konturatzerako nahi baino gehiago gizentzen gara: «Ezagutzen ditut Gabonetako bi asteetan zazpi kilo hartzen dituztenak, eta hori astakeria bat da». Orduan hasten dira komeriak: «Adin batetik aurrera ez da erraza izaten kiloak jaistea».
GARAI BATEKO MENUETATIK GAUR EGUNGOETARA. Askotan sukaldariari botatzen zaio hainbeste jatearen errua. Xabier Martinezen irudiko, ez da erraza izaten Gabonetako menuak prestatzea: «Hainbeste jenderekin asmatzea ez da erraza izaten. Hori dela eta, denetik prestatzen da». Gainera, garai batean baino otordu sofistikatuagoak egiten dira: «Eguneroko platerak baztertu, eta ahalik eta modu berezienean prestatzen ditugu menuak, Imaginazioa gero eta beharrezkoagoa da». Martinezen irudiko, askoz gauza sinpleagoak egin beharko lirateke: «Hala, sukaldariak disfrutatzeko aukera izan dezan, Gabon guztiak sukaldean ematea ez baita oso atsegina».
Hori lortzeko, atzera begiratu, eta gure arbasoek Gabonetan zer jaten zuten ikusi beharko genuke. Lehen oso ohikoa zen Eguberrietako otorduetan olio-aza jatea. «Gaur egun hori edozein egunetan jaten dugu». Baina, azarekin beste plater gozo batzuk presta daitezke: «Oso arinak dira, gainera». Adibidez, aza salda gozo bat egin daiteke aza, patata eta baratxuri olioarekin. Noainen antzera, barazkia gehiago jan behar dela uste du: «Gainera, aukera asko ematen dizkiote sukaldariari». Sasoi honetan onenean dauden barazkiak erabili behar dira: orburuak, azalorea, brokolia...
Itsaskiak izaten dira, bestalde, Gabonetako otorduetako izarrak: «Horiekin ere, sekulako astakeriak egiten dira». Egokiena, xehatu eta gatzarekin, ozpinarekin eta olioarekin ontzea da: «Aldez aurretik presta daiteke, eta oso plater erraza da».
Haragia eta arraiarekin aukera asko dago, baina bi aholkatzen ditu: arkumea eta legatza. Arkumea erretzeak denbora asko eskatzen. Baina, bada azkarrago egiteko modu bat: aldez aurretik oliotan egostea: «Ondoren, labean sartu eta azkar batean egiten da. Gainera, oso zapore gozoa du».
Sasoi hau ez da aproposena, ordea, arraina jateko: «Batez ere prezioagatik». Labean zein saltsan egin daiteke. Legatza ireki eta gainean jarri onddoak, xehatutako tipula eta ganbak. Ondoren, labean sartu eta erre egiten da. Horra hor errezeta sinple eta on bat.
Postrerako, berriz, bi aukera daude: turroia eta konpota: «Aspaldian ere intxaur saltsa egiten zen. Oso plater gozoa da. Arroz esnearen antzera egiten da». Dena den, plater horrek asko betetzen du: «Gaur egun prestatzen diren menuetarako gehiegi da».
Horixe da haren aburuz janariaz gozatzeko modurik onena: behar baino gehiago ez jatea. Norberak bere muga non dagoen jakin behar du.